XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ezin santuari eta argimutilari begiratzeari utzi.

Hain zen ederra.

Ezin zuen sinetsi, berak, Piratak, eskaini zuenik.

Santuaren aurpegia arakatu zuen, San Frantziskok argimutila atsegin ote zuen ikusi nahian.

Ziur zen imajinak irribarre txikiak egiten zituela noizean behin, gauza atseginetan pentsatzen ari denaren tartekako irribarretxoak.

Hasi zen azkenean sermoia.

-Gauza berri bat, oso ederra, daukagu elizan esan zuen aita Ramonek.

-Urrezko argimutil bat eman du eliza honetako seme batek San Frantziskoren aintzatan.

Zakurraren istorioa kontatu zuen, gaizki samar, hori bai, apropos ordea.

Apaizaren begiek eliztarren aurpegiak aztertu zituzten, irribarre txikiak agertzen ikusi zituen arte.

-Ez da gauza barregarria esan zuen.

-San Frantziskok hain maite zituen animaliak, non predikuak ere egiten baitzizkien.

Orduan aita Ramonek Gubbioko otso gaiztoaren istorioa kontatu zuen, eta uso basatiena eta ahizpa alondrarena.

Piratak harrimenez begiratzen zion apaizari sermoiak aurrera egin ahala.

Halako batean ordea, sekulako zarata etorri zen atetik.

Amorruzko zaunka eta arramazkak entzun ziren.

Ateak indarrez zabaldu, eta hantxe agertu ziren korrika Fluff, Rudolph, Enrique, Pajarito eta Señor Alec Thompson.

Sudurrak jaso, eta gudaroste borrokalari bat osatuta zuzen-zuzen joan ziren Piratagana.

Haren gainera igo ziren marruka eta intziri txikiak eginez.

Gainean zituen denak.

Apaiza isildu egin zen, eta serio-serio begiratu zion iskanbila hari.

Piratak atzera begiratu zuen, etsita, ezbeharrak jota.

Halaxe bada, alferrik izan zen, eta sakrilejio egin zuten.